Martín Sáez de Salinasen hilobia
Martín Sáez de Salinasen hilobia
Arkosolio hau aldarearen atzean dago, girolaren erdian. 1530. urte inguruan egina dela uste da, eta, estiloz, Lehen Errenazimentukoa da. Burgosko fokuaren eraginak nabari zaizkio, eta Diego de Siloéren lanekin lotu izan da. Martin de Salinasek berak enkargatu bide zuen, baina haren aita Martín Sáez de Salinas ere bertan hilobiratu zuten, horma-hobiko kartelaren inskripzioak dioenaren arabera: “Aquí yace Martín Sáez de Salinas tesorero que fue de la católica reina doña Isabel. Trasladó su cuerpo aquí su hijo Martín de Salinas camarero del serenísimo rey de Romanos y Hungría y Bohemia y su embajador acerca del emperador y rey nuestro señor cuya sepultura es la que está a los pies de está” [“Hemen datza Martín Sáez de Salinas, Isabel erregina katolikoaren diruzain izandakoa. Martín de Salinas semeak, Erromatarren eta Hungaria eta Bohemiako errege txit barearen zerbitzari eta enbaxadoreak […] ekarri zuen hona haren gorpua. Haren hilobia honen oinetan dago”].
Hilobiak bi atal ditu, baina hasieran hiru izan zituen. Behealdean, Salinastarren arma-ikurrak daude, bi jeinu hegaldunek eutsiak, gruteskoz apaindutako bi idulkiren artean. Bigarren atala horma-hobia bera da: arku beheratu bat, balaustren gainean jarritako pilastrek mugatua, eta alderik alde kerubin buruak dituen friso batez errematatua. Hor dago hildakoaren irudi etzana, burua kuxin bikoitz baten gainean duela. Garaiko modaren arabera jantzita dago: mahuka urratuko mantua darama, eta boneta buruan. Eskuak elkartuta ditu, otoitz egiteko jarreran, eta arrosario bat darama, pietatearen eta jainkoaren salbazioaren sinbolo gisa. Irudiak aterpetzen dituen arku beheratuaren barrualdea kasetoiz apainduta dago eta bi aldeetako janbek Adan eta Evaren irudiak dituzte. Hirugarren atala Salinas familiaren armarri handi bat zen; 1740an, metro batzuk gorago jaso zuten, baina aldare atzealdeko hormak kendu zituztenean desagertu egin zen.
Lokuzioa
Ficha técnica
OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA
AZCÁRATE RISTORI, José M.ª de. “Catedral de Santa María (catedral Vieja)”. En: PORTILLA VITORIA, Micaela J. et al. Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria: Ciudad de Vitoria. Vitoria-Gasteiz: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal, tomo III, 1968, p. 105.
ECHEVERRIA GOÑI, Pedro L. “Renacimiento”, En: GONZÁLEZ DE SAN ROMÁN, Miguel (dir.). Vitoria-Gasteiz en el Arte. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, vol. 2. 1997. pp. 338-342.
MARTÍN MIGUEL, María Ángeles. Arte y cultura en Vitoria durante el siglo XVI. Vitoria-Gasteiz: Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, 1998, pp. 316-318.
BARTOLOMÉ GARCÍA, Fernando R.; PARDO, Diana. "Restauración del conjunto de la sacristía de la catedral de Santa María de Vitoria-Gasteiz”, en La restauración en el siglo XXI. Función, estética e imagen. Madrid, Árgoma Servicios Editoriales, 2009, pp. 103-112.