San Bartolomeren martirioa eta Maria Sortzez Garbia Joan Duns Eskoto frantziskotarrari agertzea

Multzoak bi eszena ditu, erretaula baten modura bilduta. Behealdean, San Bartolomeren martirioa dago irudikatuta, eta goikoan, Maria Sortzez Garbia Joan Duns Eskoto frantziskotarraren aurrean agertu zenekoa. Margolana Maturana-Cucho familiaren San Bartolome kaperan egon zen; familiaren armarria ikus daiteke oraindik sarreran eta gangaren giltzarrian. Obra hau XVII. mendearen erdialdekoa dela uste da. Margolan egokia da, Valladolideko eskolarekin lotua. Marko saihesdun bat darama, pinturaren garai berekoa.

San Bartolome erdi biluzik agertzen da, zutabe bati lotuta, itxura beldurgarriko hiru borrero mutur-beltzek bizirik larrutzen dutela. Atzeko atetik, ikuslearen eskuinean, hiru pertsonaia sartzen dira eszenan: Astiages erregea eta haren gortea, seguru asko. Errege horrek hilarazi zuen, nonbait, San Bartolome, beraren anaia Polimio kristautasunera bihurtzeagatik. Goiko aldean, Maria Sortzez Garbia Joan Duns Eskoto frantziskotarraren aurrean agertzen deneko unea irudikatzen da. Gela ilun batean gertatzen da eszena, Ama Birjinaren agerpenak argiztatuta. Haren oinetan belauniko, frantziskotarra dago, beraren grazia hartzeko prest; eta lurrean, lili bat, Ama Birjinaren garbitasunaren sinboloa. Albo batean, aulki bat, eta, atzean, apalategi bat liburuekin. Elizgizonaren aurrean, aldare-mahai bat dago, eta bertan, Haurra, zaia garden batez jantzita.


Lokuzioa

Ficha técnica

  • Egilea: Anonimoa
  • Data: XVII. mendea
  • Teknika: Olioa mihisean
  • Neurriak: 470 x 337 cm
  • Kokapena: Santa Maria Katedrala (Vitoria-Gasteiz)
  • FITXA TEKNIKOA DESKARGATU (PDF)

Irudien galeria


OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA

AZCÁRATE RISTORI, José M.ª de. “Catedral de Santa María (catedral Vieja)”. En: PORTILLA VITORIA, Micaela J. et al. Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria: Ciudad de Vitoria. Vitoria-Gasteiz: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal, tomo III, 1968, p. 107.

TABAR ANITUA, Fernando. Barroco importado en Álava y Diócesis de Vitoria-Gasteiz: Escultura y Pintura [cat.]. Vitoria-Gasteiz: Diputación Foral de Álava, 1995. p. 95.