Sakristiako tiradera-altzaria eta altzari-bizkarraldea
Sakristiako tiradera-altzaria eta altzari-bizkarraldea
Sakristia berria eta kapitulu-gela 1734-1736 urte bitartean eraiki ziren. Juan Bautista de Arbaiza arkitektoa arduratu zen sakristiari eman beharrezko itxuraz eta ezaugarriez. Lan hau egiteko arrazoiak askotarikoak izan ziren: alde batetik, kolegiata edertzea zen helburua, baina egia da, halaber, lan handi horren atzean, XVI. mendeaz geroztik gutxienez, katedral mailara igotzeko asmoa egon zela. Behin alderdi arkitektonikoa amaituta, espazioak janzteko altzariak egin behar ziren. Tiradera-altzaria Gasteizko Miguel Olalde arotzari enkargatu zitzaion. Baldintzak 1734ko abenduaren 5ean idatzi eta sinatu ziren. Zoritxarrez, altzari hori ez da gaur egunera arte iritsi. Izan ere, dakigunez, Arabako Foru Aldundiak 2.500 erreal ordaindu zituen 1864an sakristiarako tiradera-altzari berri bat egiteko. Ez dakigu altzariaren egilea zehazki nor den, baina oso litekeena da Nemesio eta Angel Iturralde anaiak izatea, katedralean garai hartan egin ziren arotz-lan guztiekin lotuta agertzen baitira biak ala biak. Egungo tiradera-multzoa lau altzariz osatua dago: bi sakristiaren alde handietarako eta beste bi txikietarako. Handiek bederatzina tiradera eta bina armairu dituzte, eta txikiek, seina eta bina, hurrenez hurren. Altzariaren aurrealdea laua da; apaindura bakarra mutur banatan dagoen kana-erdiko moldura luzea da.
Juan Baldor kantabriar eskultoreak egiten zuen bizkarraldea, 1734an. Tiradera-altzariaren zabalerara egokitutako lau gorputz ditu, eta ispiluak eta hamabi apostoluen pinturak apaingarri, beren marko eta guzti, korintoar kapiteldun zutabe salomondarren artean txandaka jarrita. 1864an tiradera-altzari berria eraiki zela aprobetxatuz, aldaketa batzuk egin ziren bizkarralde honetan ere. Zehazki, pinturen marko isabeldarra, ispiluak eta urnen kristalak aldatu ziren. Azken zaharberritzeari esker, orain badakigu bizkarralde hau bi aldiz polikromatua izan zela. Lehena, kolore zuri-horixkakoa, XVIII. mendearen bigarren erdian aplikatu zela uste da. Bigarren esku-hartzea XIX. mendearen bigarren erdian egin zen, sakristian erreforma garrantzitsuak egin ziren garaian, Santa Mariak katedral maila erdiestearekin batera.
Egindako zaharberritzearen ondoren, bizkarralde honen jatorrizko polikromiaz goza dezakegu berriro orain. Dokumentazioaren arabera, badakigu Gasteizko bi margolari ezagunek egin zutela lan hori, Antonio Jiménezek eta Antonio Ricok, eta 1737an eman zitzaiela azken ordainsaria. Lan rokokoa da guztiz; kolorea du protagonista nagusia, eta urrea bigarren mailan geratzen da. Urdina erabiltzen da hondoetan, eta urre-kolorea, berriz, tailla osagarri guztietan. Apaindura-aparatua oso ederra da, askotariko eszenek osatzen duten multzo apetatsu bat: ehiza-eszenak, artzaintza-eszenak, itsas pinturak galeoiekin, zangaluzeak dauden eraikinak, girlandak eta lore-motiboak ageri dira bai taulamenduetan bai zutabe-fusteetan.
Lokuzioa
Ficha técnica
OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA
AZCÁRATE RISTORI, José M.ª de. “Catedral de Santa María (catedral Vieja)”. En: PORTILLA VITORIA, Micaela J. et al. Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria: Ciudad de Vitoria. Vitoria-Gasteiz: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal, tomo III, 1968, p. 103.
BARTOLOMÉ GARCÍA, Fernando R. “Conjunto pictórico en la sacristía de la catedral de Santa María de Vitoria-Gasteiz”. Ars Bilduma, n.º 1, 2011, pp. 67-86.
BARTOLOMÉ GARCÍA, Fernando R.; PARDO, Diana. “Restauración del conjunto de la sacristía de la catedral de Santa María de Vitoria-Gasteiz”, en La restauración en el siglo XXI. Función, estética e imagen. Madrid, Árgoma Servicios Editoriales, 2009, pp. 103-112.