Aurkezpena
Altxor bizia
Katedral honen egungo tankerak ez du zerikusirik orain dela mende batzuk izan zuen itxurarekin. Orduko eraikin hartan, parafernalia liturgiko baten zerbitzura zeuden irudia eta kolorea, eta xede bakarra zuten: fededuna liluratzea. Hango horma mintzodunak, formez eta kolorez beteak, beste elementu batzuekin ere hornituta zeuden: bazituzten irudiak eta erretaulak, bazituzten ospakizun berezietan bakarrik erabiltzeko eraikuntza iragankorrak, eta bazituzten tapizak eta oihal zintzilikariak ere, kaperak eta aldareak estaltzeko.
Katedral honen zaharberritze arkitektonikoak ez du aukerarik ematen, oraingoz, multzo aberats hau osatzen duten arte higigarri edo eramangarriko obra guztiak lehengoratzeko. Bana-banako piza gutxi batzuk baino ez dira aukeratu eraikin hau ─neurri batean bederen─ apaintzeko eta bertako bizitza erlijioso eta kulturala berriz ere sustatzeko. Gainerako objektuak ondo gordeta daude museoetan eta beste erakunde batzuetan.
1999ko Zaharberritze Plan Gidatzailean bertan aurreikusten zen katedraleko ondare higigarrien multzoa lehengoratzea eta aztertzea. Horretarako, diziplinarteko proiektu bat antolatu eta hainbat adituren laguntza jaso zen, ondare horren guztiaren kontserbazio-egoera inbentariatu, katalogatu eta balioztatzeko. Horri esker, eraikin honetako ondare higigarriari buruzko historiaren alderdi ezezagun asko atera ahal izan dira argitara, eta konpontzeko premia handiena zuten obrak pixkana-pixkana zaharberritu. Multzo artistiko aberats honen balioa handitzeko balio izan du, beraz, horrek guztiak.
Gure katedral hau hiri honetako gizartearen eta historiaren isla zehatza izan da beti, eta presente egon dira, horrenbestez, garaian garaiko gizarte-estamentuak. Katedralaren eraikuntza eta hango arte-ondare guztia gizarte osoaren ahaleginaren eta partaidetza kolektiboaren emaitza dira, baina baita eliztarrek sentitu eta bizitako fedearen ondorioa ere. Hango artelanek, elizaren beraren handitasuna edertzeaz eta areagotzeaz gain, dimentsio erlijioso eta liturgiko garbia izan zuten, Ebanjelioaren mezua transmititzea eta sinestuna bereganatzea helburu. Katedraleko sarrera banatan bisitariari harrera egiten dioten portada monumentalak dira horren adibiderik onena. Mendebaldeko eliz atari edo elizpea Espainiako XIV. mendeko eskultura monumentalaren lorpen artistiko handienetako bat da. Bisitariei mezu erlijioso-sozialak helaraztea zen haren funtzio didaktiko eta doktrinala, eremu profanoaren eta sakratuaren arteko iragaitza moduko bat bihurtuta.
Lehenago kolejiata izandako eraikin hau erreferentziazko gunea izan zen inguruko elizen artean. Kabildo ahaltsua eta joria zuen, eta saiatu zen artelan-opariak eta bestelako ekarpenak eginez bere eliza aberasten eta faboratzen. Baina, horretaz gain, Gasteizko gizartearen eliteko kideek ere beren posizioa eta ospea indartu nahi izan zuten kapera partikularren patronatua edo bestelako fundazio batzuk baliatuz. Espazio partikular horiek, beraz, erakusleiho publiko onena bihurtu ziren garaiko familia nabarmenentzat: hantxe jartzen ziren familia-armarria eta inskripzioak, hantxe kokatzen hilobiak, hantxe biltzen ospakizun eta urteurrenetarako beharrezko ziren artelan eta liturgia-tresna guztiak. Familiak bere leinuaren oroimena betikotzeko beharrezko guztia zeukan horrela.
Familia gailen horien ekimenari esker, harrizko hilobi apartak gordetzen ditugu oraindik, hala nola Martín de Salinasena, Álvaro Díaz de Esquivel eta haren emazte Ana Díaz de Salinasenak, Cristóbal Martínez de Alegríarena eta Iñiguez de Vasterra familiarena; eta Gabriel Ortiz de Caicedo eta haren emazte Ana de Aranaren irudi otoizgileak. Multzo horretan, oso interesgarria da, halaber, Ortiz de Luyandoren eta haren emazte Osana Martínez de Arzamendiren letoizko hileta-lauda, flandestar jatorrikoa.
Kapera partikular horiek luxuzko guneak izan ziren eta familiak elkarrekin lehian aritzen ziren, nolabait, itxura bikainena eta aberatsena nork emango. Gasteizko gizartearen aurrean nabarmentzeko irrika horrek bultzatuta, artista garrantzitsuengana jotzen zuten erretaulak, eskulturak, pinturak edo bestelako liturgia- edo debozio-objektuak enkargatzeko. Baina oso ohitura zabaldua izan zen, halaber, kaperaren sortzaileek edo Espainiako eta atzerriko hiri handietan garrantzizko postuak zituzten senideek obra baliotsuak bidaltzea arte-ekoizpenaren gune ospetsuetatik. Pieza horiek miresmena eta inbidia pizten zuten beste familien artean, gutxi baitziren haiek eskuratzeko modua zutenak: merkataritzan, administrazioan, gobernuan eta karrera militar edo erlijiosoaren goi mailetan senideak zituzten familiak bakarrik. Behin arrakasta lortuta eta ekonomikoki eta sozialki ondo finkatuta, familia ahaltsu haiek beren gailentasunaren adibideak uzten zituzten jaioterrian, familia-kaperak aprobetxatuz edo beren estatusa eta familiena erakusten zuten beste batzuk sortuz. Horri esker, balio handiko obrak iritsi zitzaizkigun kanpotik, atzerritik, gaur egunera arte iraun dutenak eta katedraleko altxor bikainaren parte direnak.
Inportatutako pieza horien artean, Izen Gozoa erretaula flandestarra nabarmentzen da, Karlos V.aren kantziler eta kapilau Juan Alonso de Gámizek bidalia. Aparteko obrak dira, baita ere, Galarreta anaiek Flandesko estatu- eta gerra-idazkariak zirela Kristo Santuaren kaperara bidalitakoak. Flandestik ekarriak izan ziren, halaber, Gaspar de Crayer margolariaren Kristo hilaren gaineko dolua pintura, eta erlikia-ontzi balio handiko bat, Claudia de Lirak Francisco Galarreta senarrari opari egindakoa. Francisco Antonio González de Echávarri Mexikoko Errege Auzitegiko legelari ezagunak Guadalupeko Ama Birjinaren margolan bat eta kustodia eramangarri bikain bat (guztiz ederretsia Gasteizera iritsi berritan) opari utzi zituen Santiagoko kaperan. Jatorri amerikarrekoa da, halaber, Pedro López de Aldayk San Prudentzio kaperarako erosi zuen (Sevillan, segur aski) Kristo gurutziltzatu aparta, arto-kanaberaz egina. Ezin ahaztu Francisco Díaz de Durana deanak bidali zituen eliz jantzi edo ornamentu filipinarrak, luxuzkoak, zeremonia garrantzitsuenetan bakarrik erabiltzeko zirenak. Inportatutako obra bikainak dira honako beste hauek ere: Arrosarioko Ama Birjina, flandestar jatorrikoa; San Joanitoren irudia, Sevillako eskolakoa; edo bolizko Kristo aparta, ekialdetar filiaziokoa segur aski.
Katedraleko bitxien errepaso labur honetan, ezin aipatu gabe utzi sakristiako altzari-multzoa; XIX-XX. mendeetako esku-hartzeetan galdutako jatorrizko itxura eta izpiritua ─hots, XVIII. mendekoa─ itzuli diete azken zaharberritze-lanek. Orobat da aipagarria Esklabotasunaren Ama Birjina ospetsua, mende luzez katedraleko erretaula nagusian (gaur egun desagertua) buru izan zen Andra Mari gotikoa, gasteiztarrek debozio handia dioten irudia baita oraindik ere. Ez litzateke bidezkoa izango hemen aipatu gabe uztea balio artistiko handiko beste zenbait pieza; honako hauek, adibidez: Francisco Solís artista madrildarrak XVII. mendearen erdialdean egindako pintura-erretaula; horren garai bertsukoa den Ama Birjinaren agerraldia San Benitoren aurrean, Pedro de Obrel margolari flandestarrena, ustez; edo Santa Ana Ama Birjina umearekin enigmatikoa. Bertako artistek egindako irudi bikain batzuk ere baditugu, hala nola Jasokundearen tailu bat, Mauricio de Valdivielso “Payuetako santu-egile” ospetsuak zizelkatua eta katedralaren buru dena gaur egun, XIX. mendearen hasieratik izan zen bezala.
Arte higigarriak ─eramangarria izanik─ aldaketak jasateko eta desagertzeko arrisku handiagoa du, berez, gustu-aldaketen, moden edo beste arrazoi batzuen eraginez. Katedral hau ez da salbuespena izan horretan, eta asko dira haren historia luzean zehar hormetatik desagertutako obrak. Hala ere, altxor artistiko adierazgarria daukagu oraindik, zaharberritze-lanen ondorioz sakabanatua gaur egun baina egunen batean eliza hau berriro jantzi eta apainduko duena. Berandu baino lehen nahi hori lortzea eta katedralak bere historiaren eta nortasunaren zati handi bat berreskuratzea espero dugu, etorkizuneko belaunaldiek osotasunean eta esanahi osoan gozatzerik izan dezaten.