Guadalupeko Ama Birjina

Guadalupeko Ama Birjinaren irudi hau Santiagoren kaperako erretaula nagusiaren buru izan zen, alboko kaleetan Asisko San Frantziskoren eta Paduako San Antonioren mihiseak zituela. Erretaula Francisco Antonio González de Echavarrik 1773an utzitako ondareari esker egin ahal izan zen. XIX. mendearen amaieran, berrikuntzak egin ziren kaperan, eta pintura prebisterioko epistolaren aldean jarri zen.

Tradizioaren arabera, Ama Birjina Juan Diego indigenaren aurrean agertzean haren ayate oihalean modu miragarrian inprimatuta geratu zen irudian oinarrituta moldatu zen Ama Birjina beltzaran honen irudikapena. Eredu hori egonda, erreplika bat egin nahi zuen margolari orok jatorrizkoa errespetatu behar zuen, baita ezarritako neurrietan ere. Ohikoa denez, Ama Birjina eguzki-izpidun mandorla baten barruan agertzen da. Zutik irudikatuta dago, muturrak goraka dituen ilargi-erdi baten gainean, aingerutxo bat, hegalak zabalik, idulki gisa duela. Jarrera hieratiko samarra du, burua koroatuta, begiak apal, eskuak otoitzean elkartuta. Tunika gorri bat darama, urrezko brokatu joriduna, eta mantu urdin bat, urre-koloreko izarrez apaindua eta mendel batez inguratua. Oihalaren behealdean, hau jartzen du: “TOCADA A SU ORIGINAL”, artistak, basilikara joan, eta, sagaratzean, margolanarekin jatorrizko mihisea ukitua zuela fede emateko. Obra honek gozotasuna, proportzioen harmonia eta soiltasuna gehitzen dizkio konbentzionalismo tematikoari, halako arrasto neoklasiko batez gainera. Mihiseak esku-hartzeren baten aztarnak ditu, seguru asko gaur dagoen lekura eraman zutenean egindakoak: berrehunduta dago eta eranskin bat dauka goiko aldean. Itxura guztien arabera, birpinturak ere baditu, irudia inguratzen duten hodeien artean bederen.


Lokuzioa

Ficha técnica

  • Egilea: Anonimoa
  • Data: c. 1773
  • Teknika: Olioa mihisean
  • Neurriak: 194 x 121 cm
  • Kokapena: Santa Maria Katedrala (Vitoria-Gasteiz). Santiagoren kapera. Egungo Santa. Maria eliza
  • FITXA TEKNIKOA DESKARGATU (PDF)

Irudien galeria


OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA

AZCÁRATE RISTORI, José M.ª de. “Catedral de Santa María (catedral Vieja)”. En: PORTILLA VITORIA, Micaela J. et al. Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria: Ciudad de Vitoria. Vitoria-Gasteiz: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal, tomo III, 1968, p. 113.

BARTOLOMÉ GARCÍA, Fernando R. “El legado de don Francisco Antonio González de Echávarri (1700-1774) a la capilla de Santiago de la catedral de Santa María de Vitoria-Gasteiz”, Akobe. Restauración y conservación de bienes culturales, 9, 2008, pp.13-23.